XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hori da haluzinazioen kasua; aldiz, ametsetan uste izaten dugu gauza errealekin dihardugula, gure kontzientziako edukiak baizik ez direlarik. Descartesen arabera ez dago baztertzerik errepresentazio guztiak baita gauza errealen pertzepziotzat dauzkagunak ere amets-errepresentazioen modukoak direnik.

Descartesek ez zuen esan nahi beti amets egiten dugunik; bakarrik azpimarratu nahi zuen ez dela zentzugabea, ernai gaudela behaturiko objektuak, ametsetan begiztatuak bezalaxe, irudimenaren errepresentazio soil gisa kontsideratzea.

Posible da pertzepzioetan oinarrituriko judizioekiko zalantza justifikatutzat edukitzea, ezagutza razionalean oinarrituriko judizioak adibidez, judizio matematikoak funtsean zalantzazkotzat eduki gabe. Descartesek uste zuen ordea, azken era horretako judizioak ere (adibidez, 2 + 3 = 5) jar zitezkeela zalantzan.

Horrela irakurleari eskatzen dio printzipioen faltsutasuna kontuan hartzeko, nahiz eta subjektiboki hain ziurrak diren, non beraientzat ezin dugun inolako alternatibarik pentsatu. Horiek zeharka baizik ez dira zalantzan jartzen, hain zuzen ere, gure arrazoimenaren fidagarritasuna zalantzan jartzen delako.

Hori kontsiderazio baten bitartez gertatzen da Descartesengan, alegia balitekeela gu izaki guztiz ahaltsu eta aldi berean makur baten menpean egotea, zeinak gure izpiritua hainbesteraino maneiatu duen, non huts egin dezakegun, nahiz eta gure judizioa subjektiboki erabat ziurra izan.

Izpiritu guztiz ahaltsu eta makur baten, etengabe iruzur egiten digunaren suposizioa, Descartesek onartu zuenez, ez da oso txalogarria. Horregatik suposizio horri loturiko zalantza ere bitxia gertatzen da.

Hala ere, genius malignus batek egindako iruzurraren metafora horren atzean bada benetan hartzeko ideia bat, cartesiar filosofiaren supostu ontologikoekin zerikusia duena, hau da, natura egiazko eta aldaezinen doktrinarena. Naturak esatean Descartesek entitate abstraktuak ulertzen zituen.